Artikulu honetan bitbloq 2 zer den eta nola funtzionatzen duen ikasiko dugu. Dagoeneko bitbloqen lehenengo bertsioa erabili baduzu artikulu honek dituen berritasunak, abantailak eta ezberdintasunak ezagutzen lagunduko dizu.
Oraindik ez baduzu Web2board aplikazioa instalatu zure plakak eta bitbloq 2k zuzen funtziona dezaten, hauxe da horretarako une egokia. bitbloq 2rekin hasi baino lehen aurreko artikuluan aurkituko duzu prozesuaren azalpena urratsez urrats.
bitbloq 2 ezagutzen
Bota diezaiegun gainbegirada bat bitbloq 2k dituen aukerei, horretarako zoaz http://bitbloq.bq.com/ webgunera.
![]() |
GARRANTZITSUA: bitbloq 2 hutsetik sortutako programa berri bat da, beraz bitbloqen aurretik kontu bat sortuta baldin bazenuen, hau ez da bateragarria izango bitbloq 2rekin. |
Hardware fitxa: elektronika konektatzen
Fitxa honetan zein hardware erabiltzen ari garen adieraziko diogu bitbloqi. Lehenik eta behin plaka kontrolatzailea aukeratuko dugu eta, ondoren, erabiliko ditugun osagaiak eta non konektatu ditugun adieraziko diogu. Klikatu Osagaiak fitxaren gainean eta arrasta ezazu LEDa koadro horira. Osagaiaren borobiltxo horian klikatu eta arrastatzen baduzu bere kablea 13. pin digitalera konektatu ahal izango duzu. Azkenik, oraindik egin gabe bazenuen, konekta ezazu zure LEDa plakara; gogoratu pin bakoitza bere kolorean konektatzen!
![]() |
GOGORATU: bitbloq 2rekin ZUM plaka bat, Freeduino, Arduino UNO eta merkatuan existitzen diren sentsore, eragingailu eta plaka gehienak erabili ahal dituzu. |
Softwarea fitxa: gure proiektua programatzen
Behin hardware guztia konektatuta dugula, gure programa sortzeko unea da: LED bat piztu.
Begiratu programatzeko eremua. Hiru zatitan banatuta dago:
- Aldagai orokorrak eta funtzioak: Programaren edozein lekutik eskuragarriak izango diren aldagaiak zehazteko aukera ematen dizu, baita funtzio berriak sortzeko ere. Bere erabilgarritasuna aurrerago ikusiko dugu.
- Hasierako aginduak (Setup): Programaren hasieran exekutatzen da. Pinen portaera konfiguratzeko erabiltzen da baita hasieran eta behin bakarrik exekutatzea nahi ditugun bestelako akzioak konfiguratzeko ere. Hurrengo artikuluetan erabiltzen ikasiko dugu.
- Begizta nagusia (Loop): Programaren begizta nagusia da, gehienetan erabiliko duzuna. Bere barruan agertuko den guztia behin eta berriro errepikatuko da. Alegia, programa bat bitbloq eta Arduinon ez da sekulan amaitzen.
Osagaiak fitxa ireki eta arrasta ezazu Piztu LED argia (…) blokea Loop eremura. Erabiliko ez dituzun osagai eta blokeekin denbora alferrik gal ez dezazun, bitbloq 2k Hardwarea fitxan konektatu dituzun osagaien blokeak bakarrik erakutsiko dizkizu. Bloke orokorragoak behar badituzu Aurreratuak aukeran klik egin ezazu.
Gure programa funtzionatzeko prest dago. Sakatu Egiaztatu botoiaren gainean bitbloq 2k programak zuzen funtzionatzen duela egiazta dezan. Programa zuzena bada, Kargatu botoiaren gainean sakatu. Programa plakan instalatuko da eta, Programa arrakastz igo da mezuaren ondoren, LEDa piztuta dagoela ikusiko duzu. Zorionak, zure lehenengo programa sortu duzu! Orain, programatzaile onek egiten duten moduan, gauza bakarra falta zaizu: dokumentatzea.
Proiektuari buruzko informazio fitxa: gure programa dokumentatzen
Zure programa besteekin partekatu nahi baduzu edota etorkizunean zure proiektua berrerabili, programa ondo eginda egotea bezain garrantzitsua da ondo dokumentatuta egotea.
Dena prest daukagu! Zure proiektua argitaratu nahi baduzu Argitaratu Proiektua izena duen lainoan klika ezazu. Orain zure proiektua edonork ikusi, erabili baita bertsio hobetu bat sortu ahal izango du. Argitaratutako proiektu guztiak ikus ahal izateko bitbloqeko ikono berdearen gainean klikatu eta, jarraian, Esploratu. Sortu eta partekatu itzazu zure ideiak komunitate osoarekin!
Zorionak, dagoeneko bitbloq 2 erabiltzen ikasi duzu. Ikastaro honetan zehar asmakizun eta robot harrigarriak sortzeko zure kontrol-plaka programatzen ikasiko duzu. Edozein zalantza edota proposamen izango bazenu, gogoratu mezu bat idatzi dezakezula iruzkinetan.
Abenturarekin jarraitzea animatzen zara? Has gaitezen!